2011-01-01

San Silvestre Donostiarra

Dagoeneko urte amaierako tradizio sendo bilakatzen ari zaigu San Silvestre lasterketa. Urtez urte hazten doan proba da eta ez da sekula girorik falta. Batzuek urtea kontzientzia garbiarekin asmatzeko asmoz, besteak urteko marka egiteko ideiarekin, bakoitzak badu bere arrazoia lasterketa egiteko. Aurtengoan garailea Hossain Kaanache izan da, 26:32ko denbora eginaz. Amaiera oso lehiatua izan da 8 segunduren barnean sartu baitira bigarren eta hirugarren lasterkaria, Pierre Urruty baionarra eta David Martín lasartearra.

Gurean denetik izan dugu, denbora bikaina, txakalaldiak, mozorroak... Denok gutxienez ongi amaitu dugu eta gaua ederki ospatzeko aukera izan dugu. Besterik gabe, hurrengo urtera ediziorarte guztioi!

2010-11-15

Behobia-Donostia 2010

Lasterketen denboraldiko probarik jendetsuena atzo ospatu zen. Aurtengo probarako 20.000 izen-ematetik gora zeuden arren azkenean 17.000 lasterkari inguru aritu ginen. Atzokoan gainera berriro ere euria izan genuen protagonista, ibilbide osoan zehar "lagundu" zigularik. Gizonezkoetan aurreko urteko garaipena berretsiz Rafael Iglesias izan zehen lehena 1:01:11ko denborarekin, Chema Martinez-ekin lehia izan ostean. Goraipatzekoa bestalde Gontzal Sanz arabarraren 3. postua, une batzuetan aurreko bikotearekin bat egitera iritsi zelarik. Emakumezkoetan berriz Maria Lopez de Tejada donostiarra izan zen lehena 1:15:10eko denborarekin.

Gure lagun arteari dagokionez Agirre izan zen lehena, baina Aitor ia-ia denbora berean sartu arren. Hortaz momentuz dortsal horirik ez gure koadrilarentzat. Ostera Endika sartu zen, hauengandik bi minutu ingurura. Gure Endika dagoeneko sekulako maila hartzen ari da eta tentuz ibili beharko dute aurrekaldeko biek egunen batean sorpresa emango baitie. Laugarren postuan Imanol sartu zen, Endikarengandik lau minutura eta sekulako lasterketa eginez. Kontutan hartu dortsal zuriarekin irten zela eta momenturo jendea aurreratuz ibili behar izan zela. Ostera Urki izan genuen helmugan, bere aurreko urteko marka birrinduz. Unai ere ez zen urrun ibili eta datorren urterako biek dortsal berdearekin irteteko aukera izango dute. Lertxundi ere bi dortsalen arteko mugatik hurbil ibili zen, bere aurreko urteetako markak dezente hobetuaz. Neu berriz ordu eta erdi inguruan iritsi nintzen, gustura espero nuen denboretan ibiltzeaz gain lasterketaz uste baina gehiago gozatu bainuen. Olano gure kazetariak ere lasterketa bikaina egin zuen, haseratik erritmoa tinko mantenduz.

Agirre 01:12:16
Aitor 01:12:23
Endika 01:14:23
Imanol 01:18:?? (ez dut web-gunean aurkitu)
Urki 01:22:59
Unai 01:23:59
Lertxundi 01:26:37
Iñigo 01:30:08
Olano 01:36:10

Eta lasterketa ostean onena etorri zen, bazkari ederra egin genuelarik adiskideekin batera eguna borobilduz. Ea hurrengo urtean aurtengo guztioz gain jende gehiago animatzen zaigun!

2010-10-17

15 Km Donostiako Klasikoa

Gaur berriro ere herri lasterketen zurrunbiloan sarturik ibili gara, kasu honetan 15 km-ko Donostiako klasikoa egiteko asmoz. Gaurkoan 4000 lasterkaritik gora aritu dira Donostiako kaleetan zehar, hotz eta euriteei aurre eginez. Aipatzekoa batez ere lasterketa hasi aurretiko minutuetan jasan dugun txaparroi demoniozkoa. Garaileak nola ez etiopiarrak izan dira, Hadush Tesfay mutiletan eta Tirhas Enun nesketan.
Gure artean Aitor izan da gizonik azkarrena, aurreko asteko sentsazio txarrei guztiz buelta emanez. Ez da urruti ibili Endika, minutu eskaxera. Ostera Agirre iritsi da, beste norbaiten dortsalarekin korritu duelarik platano eskax bat bakarrik gosalduta (horrekin iada negar egiteko arrazoia ziurtatuz, jaja). Beranduxeago Lertxundi irisi da, 12. kilometrora arte zerbitzari hau gomaz eutsita eraman ostean astindu ederra eman dit azken kilometroetan. Neuk onartu behar dut lasterketa uztekotan eta guzti izan naizela nire tripa barnean nuen burrunba dela eta. Zorionez motelxeago baina arazorik gabe amaitu dut. Bestalde lehen aldiz 15 km-ak egiten zituen Olano iritsi da denbora gutxira, espero zuen denbora hobetuz gainera.
Jarraian sailkapena gehitzen dut gure denborekin (denbora errealak jarri ditut, txipak harturikoak alegia):

12o Aitor 00:54:32
150 Endika 00:55:18
??? Agirre ???????
1123 Lertxundi 01:04:58
1346 Iñigo 01:06:41
1711 Olano 01:09:29

Hemendik gutxira adi egon Aitorren blogera, lasterketako kronika interesgarria gehituko baitu, bere estilo pertsonalaz.

2010-10-10

3 Hondartzetako Krossa 2010

Esan liteke gaurko egunez eman zaiola hasera Behobiarako prestakuntzarako azken txanpari. Denok dakizutenez 3 Hondratzetako Krossa dagoeneko klasiko bat bilakatua da eta urtero bezala gaurkoan parte hartze altua izan da, 2700 lasterkarik parte hartu dutelarik. Gure artean Agirre izan dugu bizkorrena eta gainontzekoak gustora aritu gara, norbera bere mailan noski. Endika oso fin ibili da eta Aitor indartsu hasi den arren azkenean behera etorri da. Espero dezagun datozen aste hauetan Aitorrek bere betiko maila berreskuratu ahal izatea eta Behobia ikuskizuna eskaintzeko prest egotea. Imanol berriz oso azkar aritu da, Endikarengandik ez oso urrun, eta honi apustua irabaziz gainera. Urkik berriz konfirmatu du aurtengoan sekula bainan errazago dabilela eta 40 minutuko markatik oso hurbil geratu da. Unai eta ni berriz atzeraxeago geratu gara, baina nik uste biak gustora eginiko denborekin.

Hurrengo proba datorren igandean izango da, 15 km-ko Donostiako Klasikoan. Bertan 4000 korrikalaritik gora espero da, aukera bikaina izango delarik Behobia bidean nola gabiltzan jakiteko. Besterik gabe momentuz zintzilikatu duten sailkapena jartzen dut. Hori bai, ez nago guztiz ziur denbora ofiziala diren edo probisionalak baina beno, ideia bat egiteko ez dago gaizki.

3 Hondartzetako Krossa Sailkapena

2010-08-27

Lasterketa denboraldia gertu!

Tituluak dioen moduan herri kross denboraldia hasteko prest dugu iada. Dagoeneko nabaria da jendea motibatzen hasia dela, bakoitzak bere helburuak dituelarik: Behobia, San Silvestrea, Lasartekoa krossa... Nola ez denon aitzakiak ere hasiak dira, neu aurten negartienetakoa naizelarik nire belaun arazoekin. Honen bestez jendea animatzen joateko jarraian datozen lasterketa nagusiak gehitzen dizkizuet zeuen egutegia prestatzen joan zaitezten. Datu guztiak www.lasterketak.com webgunetik atera ditut, oso link interesgarria inguru hauetako datak jakin nahi izan ezkero.

Irailak 11, Larunbata - I. Elgoibarko Herri Krossa 7,000 m
Irailak 12, Igandea - Porrontxo jaietako krossa 6,600 m
Irailak 18, Larunbata - Faro de Plata Igoera 4,200 m
Irailak 19, Igandea - III. Usurbilgo Baxurde Krossa 10,50o m
Irailak 26, Igandea - Joxetxo Imaz Memoriala (Ordizia-Beasain-Lazkao) 10,000 m
Urriak 2, Larunbata - XIV. Zumaiako Zakila Bira 20,000 m
Urriak 17, Igandea - XIV. 15 Km Donostiako Klasikoa 15,000 m
Azaroak 14, Igandea - 46. Behobia-Donostia 20,000 m

Lasarteko Krossaren berririk ez dut aurkitu.


Bisitak