2011-07-30

2011 Donostiako Klasika

Urteroko zitari eutsiz gaurkoan ere Jaizkibel-eko maldetara abiatu gara Donostiako Klasikaz gozatu eta izerdi pixka bat botatzera. Aurten tropel handia joan gara argazkietan ikusi dezakezuten moduan, bakoitza bere erritmoan. Pertsonalki sekula baina ikusle gehiago somatu dut errepide bazterrean, giroa paregabea izan delarik. Badirudi Jaizkibel birritan igotzeak jendea animatu duela.
Plano profesionalean, Gilbert izan dugu garaile, izugarrizko poderioz gainera. Argi utzi du Mirakruz-en gora bera zela ahaltsuena, eraso gogor batekin Samu eta konpainia atzean utzirik. Goraipatzekoa neure ustez Haimar Zubeldiaren lasterketa gaur, ausart eta aurpegia emanez aritu baita.

Azkenik esan urteroko legez Klasikaren helmuga lekuz aldatzeaz hitzegin dugula batzuek, eta horren aldeko mugimenduren bat sortzeko asmotan gaude, facebook edota halamodukoez baliatuz. Ideia Boulevard-ean beharren Igeldoko faroan amaitzea litzateke. Ziurrenik erokeria bat izango da, baina ea gutxienez nahi hau antolakuntzaren belarrietara eramaterik dugun. Hortaz pentsatu nola egin dezakegun.


2011-06-04

GAME OVER ODON


Oraingoan, umore pixka bat. Ez dakit gutako norbaitek oroitzapenik duen Odonik gabeko Donostia batez. 85/86ko belaunaldiarentzat, bazirudien Donostiaren izaerak elementu batzuk berez lotuak zituela. Kontxako badia, after eight izozkiak su artifizialen azpian, eta Odon.

20 urte eta gero, Donostiako ikur bihurtu da. Donostiako historiaren parte, eta zergatik ez, gure bizitzetako parte. Urteak joan eta urteak etorri, oroitzapenerako irudi andana eskaini dizkigu. Zenbat irri zor dizkiogu burusoil maitagarri honi?

Lau irudi proposatzen dizkizuet hemen. Zein da gehien gustatzen zaizuena? barregarriena? Odon hobekien irudikatzen duena? hitz egin dezala herriak!


2011-02-27

Hasi da denboraldi berria

San Silvestre ostean jende ugarik gustoz hartu zuen lasterketa gabeko denboralditxo bat aurretik edukitzea. Herri-krossetan udazkena izan ohi da urteko momenturik garrantzitsuena, batez ere Behobiak duen indarra dela eta, baina udaberriko lasterketak ere indarra hartuz doaz. Klasikoak dira iada Udaberriko Lasterketa eta Hitzak Antiguon antolatzen duena. Baina hauei ere azken aldian ospetsu egin den Donostiako Erdi Maratoia gehitu zaie. Hortaz berriro ere martxan da txapelketa-giroa.
Hau esanik azpimarratu nahiko nuke atzo gure lagun Erregerenatarrek Sagar-Lasterran lehian aritu zirela. Emaitza paregabearekin gainera. Aitor 8. postuan sartu zen, eta Endika berriz 24.. Sailkapena hemen ikus dezakezute. Hernanin ospatzen den proba honek 8,2 km inguru ditu, eta baserri guneetan zein herrian zehar igarotzen da. Giro polita egon ohi dela entzuna dut baina hori beraiek konfirmatu beharko digute.

Ikusi dezakezutenez beraz jendea indartsu hasi da. Ea hurrengoan gehiago animatzen garen!

2011-01-01

San Silvestre Donostiarra

Dagoeneko urte amaierako tradizio sendo bilakatzen ari zaigu San Silvestre lasterketa. Urtez urte hazten doan proba da eta ez da sekula girorik falta. Batzuek urtea kontzientzia garbiarekin asmatzeko asmoz, besteak urteko marka egiteko ideiarekin, bakoitzak badu bere arrazoia lasterketa egiteko. Aurtengoan garailea Hossain Kaanache izan da, 26:32ko denbora eginaz. Amaiera oso lehiatua izan da 8 segunduren barnean sartu baitira bigarren eta hirugarren lasterkaria, Pierre Urruty baionarra eta David Martín lasartearra.

Gurean denetik izan dugu, denbora bikaina, txakalaldiak, mozorroak... Denok gutxienez ongi amaitu dugu eta gaua ederki ospatzeko aukera izan dugu. Besterik gabe, hurrengo urtera ediziorarte guztioi!

2010-11-15

Behobia-Donostia 2010

Lasterketen denboraldiko probarik jendetsuena atzo ospatu zen. Aurtengo probarako 20.000 izen-ematetik gora zeuden arren azkenean 17.000 lasterkari inguru aritu ginen. Atzokoan gainera berriro ere euria izan genuen protagonista, ibilbide osoan zehar "lagundu" zigularik. Gizonezkoetan aurreko urteko garaipena berretsiz Rafael Iglesias izan zehen lehena 1:01:11ko denborarekin, Chema Martinez-ekin lehia izan ostean. Goraipatzekoa bestalde Gontzal Sanz arabarraren 3. postua, une batzuetan aurreko bikotearekin bat egitera iritsi zelarik. Emakumezkoetan berriz Maria Lopez de Tejada donostiarra izan zen lehena 1:15:10eko denborarekin.

Gure lagun arteari dagokionez Agirre izan zen lehena, baina Aitor ia-ia denbora berean sartu arren. Hortaz momentuz dortsal horirik ez gure koadrilarentzat. Ostera Endika sartu zen, hauengandik bi minutu ingurura. Gure Endika dagoeneko sekulako maila hartzen ari da eta tentuz ibili beharko dute aurrekaldeko biek egunen batean sorpresa emango baitie. Laugarren postuan Imanol sartu zen, Endikarengandik lau minutura eta sekulako lasterketa eginez. Kontutan hartu dortsal zuriarekin irten zela eta momenturo jendea aurreratuz ibili behar izan zela. Ostera Urki izan genuen helmugan, bere aurreko urteko marka birrinduz. Unai ere ez zen urrun ibili eta datorren urterako biek dortsal berdearekin irteteko aukera izango dute. Lertxundi ere bi dortsalen arteko mugatik hurbil ibili zen, bere aurreko urteetako markak dezente hobetuaz. Neu berriz ordu eta erdi inguruan iritsi nintzen, gustura espero nuen denboretan ibiltzeaz gain lasterketaz uste baina gehiago gozatu bainuen. Olano gure kazetariak ere lasterketa bikaina egin zuen, haseratik erritmoa tinko mantenduz.

Agirre 01:12:16
Aitor 01:12:23
Endika 01:14:23
Imanol 01:18:?? (ez dut web-gunean aurkitu)
Urki 01:22:59
Unai 01:23:59
Lertxundi 01:26:37
Iñigo 01:30:08
Olano 01:36:10

Eta lasterketa ostean onena etorri zen, bazkari ederra egin genuelarik adiskideekin batera eguna borobilduz. Ea hurrengo urtean aurtengo guztioz gain jende gehiago animatzen zaigun!

Bisitak