2009-12-20

Txooooooooootx!!!


Urtero bezala Sto Tomas eguna hemen daukagu jai-giroa ekarriz. Biharko ze plan daukazue??? ateratzeko intentziorik??? pentsatzen dut baietz... Bihararte!! ta bestela ba egongo gera!!

2009-12-09

Donostiako San Silvestre-a gertu da!!!

Kaixo blogzale guztioi. Gaur zuetako askok bezala email bat
jaso dut Lander Fraile-ren eskutik, denok jakingo duzuen moduan Amara Berriko entrenatzaile ohia izateaz gain azken urteotan San Silvestre lasterketaren antolatzaile ere bada. Bertan izen emateko epea iada irekia dagoela aipatzen du eta lasterketaren webgunera gonbidatzen gaitu. Aurten ere prezioa 10 eurokoa da, 20 euro lasterketa egunean izen eman ezkero. Berrikuntzen artean karrera ostean mobil bidez emaitza jasoko dugula aipatuko nuke. Probak 8,5 km inguru izango dituela dirudi baina ezin dut ziurtatu ez baitut datua webgunean bilatu (Landerri idatzi beharko zaio galdetzeko). Aurreko urteetan bezalaxe txipa izango dugu probarako.

Bestalde Urki-ren eskutik email interesgarri bat jaso dut aurten ediziorako proposamen berri batekin. Nola ez asmoa gure arteko "pikea" bizitzea da eta ideia parte hartuko dugunak bi taldetan banatzea litzateke, talde hauek orekatuak izan beharko dutelarik. Talde bakoitzeko lasterkari guztien denborak batu ostean denbora kaxkarrena lortu duenak pote bat ordaindu beharko dio talde azkarrenari. Oraindik ideia sortu berria da, hortaz zuen proposamen guztiak entzuteko prest gaude hala denon artean lehiaketa polit bat antolatzeko asmoz.

Hori da dena beraz, ea ahalik eta jende gehien animatzen garen eta urtea aldarte onean amaitzen dugun. Zuen proposamenen zain geratzen gara.

2009-11-27

Sautrela: Cien años de soledad

Aste honetan ere literaturaz idaztera animatzen naiz, kasu honetan duela egun gutxi amaitu dudan Cien años de soledad nobelaz. Jakingo duzuen moduan Gabriel Garcia Marquez idazlea da bere egile eta 1967an argitaratu zen lehen aldiz. Kritikari askok gaztelaniaz idatziriko bigarren lan garrantzitsuena bezala kontsideratzen dute, Cervantes-en Don Quijote de la Mancha-ren ondotik. Nik aurretik autorearen bi liburu irakurriak nituen lehenik (horietako bat askok oraindik gogoan dugun Relatos de un naufrago eta bestea Cronica de una muerte anunciada), biek zapore kaxkar xamarra utzi zidatelarik. Ordea ezin dezaket gauza bera esan irakurri berri dudanaz, benetan itzela iruditu baizait.


Nobelak oro har Buendia familiaren bilakaera kontatzen du belaunaldi ezberdinetan zehar. Istorioa Macondo izeneko herri irudikarian kokatzen da, bertan errealitatea eta fantasia etengabe nahasten direlarik. Hala liburuan zehar herriaren sorrera eta haren aldaketen lekuko izango gara, baita familiako oinordekoen istorio tragikoaz. Tituloak berak dioen bezala bakardadea da nobelaren ardatza, ez ordea bakardade fisikoa bakarrik. Bertako pertsonaiek bizitzan aurkitu daitezkeen bakardade mota ezberdinak jasango dituzte: maitatu ezin duenaren bakardadea, maitatua izan ezin denaren bakardadea, esperoan bizi denaren bakartasuna... Idazleak ordea gai ugari jorratzen ditu, hala nola inzestoa, ipar amerikarren konkista gosea, guda, erlijioa, hau guztia fantasia ikutu batekin aurkeztua. Hala nola latinoamerikar herrialdeek historian zehar bizi izandako eboluzioa kontatzen du, beti ere errealitatearekiko distantzia bat mantenduz.

Nobelaren puntu indartsuenetako bat idazleak derabilen teknika narratiboa da. Narratzaileak lehenaldian kontatzen du istorioa, baina noizbehinka ostera gertatuko diren pasarteak aurreratuz. Alde hortatik, Buendiatarren istorioa ziklikoa dela esan liteke, denbora igaro arren aurretiko egoerak errepikatzen direlako etengabe. Ikusiko duzuten moduan ordea hau ez da guztiz betetzen, denborak ez baitu barkatzen Macondon. Nobelaren ziklikotasun edo errepikakortasunak gogoeta ugari sortarazi ditu literatur kritikarien artean.

Uste dut orain arte idatzitakoarekin nahikoa duzutela liburua irakurtzera animatzeko (hala zen nere intentzioa behintzat). Neuri pertsonalki liburu borobila iruditu zait eta sakona, sakonegia akaso. Zorionez edo zoritxarrez orrialdearen behe aldian argibideak zituen edizio bat irakurri dut eta horien bitartez istorioak azpian duen mami guztiaz ohartu naiz. Nik hala ere lehenik "garbi" irakurtzea gomendatzen dizuet.

Besterik ezean besarkada bat eta asteburu oparo bat opa dizuet.

2009-11-22

AURTEN BAI



Ikaragarria beste behin Anoetan ikusitakoa. Gure Errealak Kartajena "handia" lidergorik gabe utzi du gure mesedetan, Agirretxeren gol batekin...azken minutuan!


Lehenengo zatia, ohitura den bezala, penagarria izan da gure mutilen aldetik. Bigarrenak ordea beste itxura bat hartu du. Rivasen borrokak, Ansotegiren defentsa lanak, Griezmannen majiak eta gaur, bereziki, ELUSTONDO HANDIAREN partidu borobilak garaipenaren bidea erakutsi dio taldeari. Murtziakoek bigarren zatia 10ekin jokatzeak ere gauzak erraztu dituen arren, argi zegoen gaur garaipena txuriurdina zela.


Azken minutura arte itxaron izan behar dugu gola ospatzeko eta oihukatzeko. Agirretxek, bazuen garaia, Nsueren erdiraketa bat sare barrura bidali du, taldearen jokaldi on baten ostean. Liderrari irabaztea polita da, gu lehenak izatea hobea, baina horrelako garaipenek benetan talde eta afizio baten fedea erakusten dute.


ERREALA!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!

2009-11-14

Literatur gomendioa: Obabakoak

Azken aldian bloga izaten ari den gai zabalkunta ikusita blogzaleoi literatur gomendio bat egitera animatu naiz. Gauza da Donostian igaro nuen astean zehar aspaldian ( 17-18 urte inguru nituelarik) irakurririko liburu bat ikusi nuen liburudendan, Obabakoak. Oroitzen nintzen bere garaian ordurarte irakurririko onenen artean geratu zela nire oroiminean eta igarotako urteek liburuaren bigarren irakurketa bat egiteko aukera ematen zidatela pentsatu nuen. Duda izpirik egin gabe liburua erosi eta dendatik irten nintzen.

Eta zer esango dizuet, liburu honek badu halako magia bat zein oso lan gutxietan aurki daitekeen. Badakit ez naizela kritiko onena izango baina uste dut iada dezente liburu irakurri ditudala esan berri dudana zilegi dela azpimarratzeko.

Obabakoak gehienok jakingo duzuen moduan 1988an argitaratu zen, Espainiako Narratiba Saria lortzen zuen lehen lana izan zelarik. Ipuin-bilduma hau 36 hizkuntza ezberdinetara itzuli da dagoeneko eta are garrantzitsuagoa, euskararen existentzia munduko literaturan zehar zabaldu du.

Liburuak gainontzean egitura "konplexu" xamarra du, bi zati nagusitan banatzen delarik. Lehen erdia istorio labur ezberdinetan banatzen da, gehiengoak alegiazko Obaba herrixkan gertatzen dira edo harekin harremana dute. Obaba herria bera Euskal kultura eta bizimodu zaharraren metafora moduko bat dela esan daiteke, baina fikzioa etengabe errealitatearekin nahastuz.

Bigarren zatian bada istorio nagusi bat, baina tartean istorio txikiak nahasten direlarik bitartean. Hala ere nahiago dut ezer ez esan hauetaz hobe baita irakurleak berak aurki eta irakurri ditzala. Interesgarria da benetan nola horren hurbil eta itxia agertzen den paisaia batetik autoreak ateratzen dituen gogoeta filosofiko eta unibertsalak. Eta niretzat garrantzitsuena, ia istorio orok badu emozioak transmititzeko gaitasun hori.

Zorionez edo zoritxarrez Obaba antzinan geratu zen mundu bat dela esan daiteke, nahiz eta nik uste badiren oraindik gure Euskal Herrian zokoraturik bizi diren obabatar ugari. Obaba eta bere bizimoduaren heriotza Soinujolearen semea nobelan jorratzen ditu Atxagak. 2004an argitaraturiko nobela honek ere sekulako arrakasta izan du bai Euskal Herrian eta baita atzerrian ere, zenbait argitalpenek Atxagaren nobela behin-betikotzat hartu dutelarik.

Amaitzeko esan beharra dut, Polonian Obabakoak irakurtzeak benetan bihotza estutzen duela eta horrek uste dut zerbait esan nahiko duela. Honegatik Batxilergoan edota institutoan liburu hau irakurtzera "bortxatuak" izan zinetenoi beste aukera bat ematera animatzen zaituztet, gaztaroko trauma horiek ahaztu eta euskal literaturaren obra handienetako bat denaz goza dezazuen.

Bisitak